NORDIC WALKING

Baina, zer da?

Nordic walking edo Ipar martxa, hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da. Bi makilaren laguntzaz ibiltzean datza, ez edozein makilarekin, kirol honetarako berariaz sortutakoekin baino.

Mugitzeko era berria da, esan bezala, gorputz osoari eragingo diona; atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituena.

Alfa 247 teknika

Nordic walking edo Ipar martxa ez da makilen laguntzaz ibiltze hutsa, hori baino are gehiago da, izan ere, biomekanika eta kirolaren fisiologiaren zientzialariek kirol honen teknika lantzen aritu dira ALFA deritzona sortu arte. Bere bitartez, gorputzeko giharren %90 jarriko dira lanean honek dakarren onurarekin. Teknika hau ikasteko, irakasle on baten laguntzaz, lauzpabost saio besterik ez da behar izango.

Zein da NW-aren jatorria?

Historia eta egoera gaur egun.

Nordic wlakin-a edo Ipar martxa, azken urteotan azkarren areagotu den aisialdirako jarduera fisikoetako bat da. Finlandian du jatorria. Bertan, ipar eskiatzaileek udan zehar, elurrik ez zegoenean, entrenatzen jarraitzeko egokitu behar izan zuten euren kirola, elurrik gabeko lurzoruetan makilekin ibiltzea baitzuten entrenatzeko aukera bakarra. Ipar martxak, beraz, hortxe, aipatu egokitzapen horretan du bere jatorria.

Ipar martxa, gaur egun ezagutzen dugun moduan 90ko hamarkadan sortu zen, kirol honetan aritzeko berariaz sortutako lehen makilak merkaturatu zirenean. Azkar batean hedatu zen Europako iparraldean, hain azkar, non 2004. urtean 3,5 milioi erabiltzaile izateraino heldu baitzen.

Alemanian esaterako, osasun publikoak N.W-eko ikastaroak ordaintzen ditu errehabilitazio zenbait programaren osagarri modura eta hainbat gaixotasunen prebentzio teknika gisa.


Makilak

Makilak oso material arinez ekoitzita daude. Batetik, beheko muturrean metalez egindako punta zorrotza dute, bestetik, goiko aldean eskumuturrari heltzeko “dragonera” deritzon lokarria. Honi esker, makila besoaren luzapena bailitzan erabil daiteke, ibiltariari hain osasungarria den ALFA izeneko teknika berezia balia dezan erraztuz.

Lurzoru gogorretan aritzeko, hau da, errepide edo bidegorrietan, punta zorrotzari gomazko estalkia jar dakioke, dardara eta labaindura saiheste aldera.

 

Non ibil gaitezke Ipar martxan?

Nordic Walking edo Ipar martxan edozein lurzoru motatan aritu daiteke, hala nola, lur gogorrean, bigunean, belarrean, bidegorrietan, bide berdeetan, asfalto gainean, elur gogorrean zein hondartzan.

Urte sasoiari dagokionez, udan zein neguan, edozein tokitan jardun daiteke eta: hirian zein basoan; aire zabaleko natur giroan, zein kiroldegi itxietan.

Denontzako jarduera

Denek jardun dezakete Ipar Martxan.

  • Sekulan kirolean aritu ez direnek.
  • Osteoporosia, gaixotasun kroniko, zein bizkarreko arazoak dituzten helduek.
  • Pisu handiko pertsonek, koipearen metabolismoa areagotzen baitu
  • Edozein kirolarik, bere entrenamenduaren osagarri modura erabil daiteke eta.
  • Azken finean, guztiz onuragarri eta egokia da sasoia eta itxura hobetzeko zerbait egin nahi duen edonorentzat

Nordic Walking-aren abantailak

  • Oinez, makilarik gabe ibiltze hutsa baino askoz eraginkorragoa da
  • Giltzaduretan edo artikulazioetan sortzen den gainkarga, korrika eginda sortzen dena baino askoz ere txikiagoa da
  • Gorputzeko giharren %90 lantzen ditu.
  • Oxigenoaren horniketa areagotzen du.
  • Garondo eta zerbikalen tentsioa arintzen du.
  • Estresa arintzen du.
  • Bihotzaren lana eraginkorrago bihurtzen du.
  • Babes sistema indartzen du.
  • Zahartze prozesua atzeratzen du.

 Eta gainera, oso-oso dibertigarria da!

 
Copy Protected by Chetan's WP-Copyprotect.