Iparraldeko Europatik datorren ibilketa nordikoa zabaltzen ari da
Europa iparraldetik datorren kirol jarduera indarra hartzen ari da gurean. Ibilketa nordikoa da. Bi bastoi berezirekin lagunduta ibiltzea da gutxi asko. Ibili ere era berezian egiten da, teknika propioa jarraituz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibiltariak biltzen dituen federazioa abian da, eta, hala, teknika ezagutarazten ari dira han-hemen.
Bere bizitza kirolari lotuta egon da betidanik. Bai afizioz bai ofizioz. Ibilketa nordikoa ezagutu duenetik ez du beste kirolik egiten. Lau aldiz egin du Donejakue bidea Xabier Madinak. Azkena iaz, mendiko bi bastoi lagun hartuta, eta, bere esanetan, ez du zerikusirik. «Ezagutzen dut bi bastoirekin, 9 kiloko motxila bizkarrean eta eguraldi txarrarekin 30 kilometroko etapak egin dituenik».
Duela hiru urte ezagutu zuen ibilketa nordikoa eta orain kirol jarduera hau Euskal Herrian zabaldu nahian ari da. «Donejakue bidea egiten ari nintzela ikusi nituen lehen aldiz bi bastoik lagunduta zebiltzan ibiltariak. Mendian ikusiak nituen, baina Donejakue bidean? Deigarria egin zidan. ‘Hemen bada zerbait’, pentsatu nuen», kontatu du.
Jakin-minak jota Interneten hasi zen informazio bila. «Erreferentzia ugari aurkitu nituen. Teknika propioa zuela ohartu nintzen eta kirol jarduera bezala antolatuta zegoela», dio.
Euskal Herrian ezer ez zegoela ikusita, berak eman zituen lehen pausuak. Lehenengo formakuntza jasotzea izan zen. Espainiako Nordic Walking elkartera jo zuen. Goren mailako titulazioa dauka. Euskal Herriko lehenengo ALFA coach-a da.
Gorputz Hezkuntzan lizentziatua da bera eta Urnietan egiten du lan udal kirol teknikari bezala. Donostiako Kirol Etxean Gipuzkoako udal kirol teknikariei eta kirol alorreko zinegotziei martxa nordikoaren berri ematekoa da azaroan. Anoetako pistan egingo duten erakustaldi praktikoarekin osatuko da saioa.
Alemaniarrak izan dira estatu espainolean martxa nordikoa sartu dutenak. Eveline Feussner, Andreas Wilhelm eta Bernd Goldschmidt izan ditu irakasle Madinak. Hainbat eskola daude ibilketa nordikoan eta Madinak ALFA teknika ikasi du eurekin.
Edonori gomendatzen dio ibilketa nordikoa. «Batetik, berdin dio zein adin duzun. Ez da korrika egitea, baina ibiltzea baino gehiago da. Eta ez dauka lasterka egitearen kontraindikaziorik. Kontuan izan korrika egiteak aldakan, belaunetan eta orkatiletan duen eragina», esan du.
Horren gakoa kirol jarduera honen teknika berezia da. «Bastoiei esker gorputzari ematen diozun bultzadari –nire pausua 20-30 zentimetrotan luzatzen da– eta lan teknikoari esker gorputzaren pisuaren %15 bitarteko pisua kentzen duzu. Besoekin teknika lantzen duzunean ahalegina bizkarreko giharren artean banatzen da. Izan ere, ia giharren %90 erabiltzen ditugu».
Energia kontsumoa oso altua da. «Ondorioz, kaloria gehiago erretzen dituzu. Lasterka baino kaloria gehiago erretzen dituzu. Hil beharrean korri egin dezakezu, bihotzari sekulako ahalegina eskatuz, baina zure besoak lanean ari al dira, zure bizkarra? Ez dira lanean ari. Alderantziz, lurraren kontra talka egiten dute etengabe. Ibilketa nordikoan beheko aldea bakarrik ez, gorputzaren goiko aldea ere lantzen duzu».
Madinaren esanetan, onurak areago doaz. «Ezker eta eskuin hemisferioak, biak erabiltzen dira. Oso egokia da gaixotasun neurologikoak dituztenentzat, esklerosi anitza, parkinsona… Burmuinari gimnasia eragitea bezala da», adierazi du.
Zenbat eta gehiago ikertu eta sakondu, orduan eta gehiago lotzen du martxa nordikoak. Osasunean izan ditzakeen onurei erreparatu die Madinak, lehia alboan utzita.
Lakuako Gobernuak sustatu duen Aktibili plangintzarako ezin aproposagoa ikusten du martxa nordikoa. «Denok egin behar dugu bizimodu osasuntsua, baina zein da jarduera egokiena? Oinez ibiltzea ondo dago, korrika eginez gero artikulazioak kaltetu daitezke… Asko dira zer aukeratu ez dakitenak. Zer gomendatu edozein urtarotan, edozein eguraldirekin, diru kosterik gabe, denbora gutxi izanda ere, etxe aurreko parkean ere, egin dezakezuna? Ibiltzea. Ondo. Goazen plus bat jartzera. Bastoiak gehitzen badizkiogu eta teknika egokia ibiltzerakoan?», bota du.
Finlandian sortu zen ibilketa nordikoa, baina Iparraldeko Europan bakarrik ez, kontinentearen erdialdean ere, Austrian eta Suitzan kasu, oso zabalduta dago jarduera hau. Ipar Italian ere bai. «Iraupen eskia du oinarrian martxa nordikoak. Eta iraupen kirola dagoen osoenetakoa da, gihar gehienek lan egiten dutelako. Iraupen eskian lehiatzen zirenek elurrik gabeko urtaroetan entrenatzeko bidea ikusi zuten martxa nordikoan. Elur gainean ibiltzeko keinu tekniko hori, asfaltora edo lur gainera eramatera goazen gu geu».
Madinaren esanetan, ahaleginaren osteko nekea ez da hainbestekoa. «Bastoiak bereziak dira, mendiko eskian erabiltzen direnen desberdinak. Karbonozkoak edo aluminiozkoak dira, arinak. Bi eskuak etengabe itxi eta ireki egiten dira. Era horretan odola ponpatzen da eta ahalegin fisikoaren sentsazioa eramangarriagoa da, etengabe oxigenatzen ari naizelako».
Ohituta gaude bastoiez lagunduta mendian gora eta behera ibiltzen, baina ordekan aritzeak bat baino gehiago harritzen du. «Bi topiko nagusitzen dira. ‘Niri erakutsiko didate bastoiekin ibiltzen? Bizitza osoan egin dut-eta’, da lehenengoa. Bigarrena: ‘Nik ez dut bastoien beharrik’. Ezta nik ere, kontua ez da hori», kontatu du.
ENWE Euskadiko Nordic Walking Elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibiltariak biltzen ditu. Bertako zuzendaritzan dago Madina. FENWA Estatu espainoleko federazioko zuzendaritzako kidea ere bada.
Han-hemen ikastaroak ematen ari da. Eskaerak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian. Hiru orduko saioa egiten du. «Normalean bost ordukoak ematen dira baina askori luzeegi egiten zaio. Bi hilabetera sakondu nahi duela? Orduan egingo dugu bi orduko beste saio bat», dio.
Ibilketa nordikoa egiteko ibilbideak ere prestatzen ari dira Euskal Herrian Alemania eta Suitza aldean daudenen ereduari jarraiki. Ibilketa nordikoa egiteko gune bereziak dira. Albiste pozgarria delakoan dago, nahiz bere ustez formakuntza ezinbestekoa den. «Ezin duzu jarduera hau ezagutza teknikorik gabe zabaldu, oinarrizko ikastaroa beharrezkoa da. ENWE bertan badaude horretarako prestatutako pertsonak», argitu du.
Anak ibilketa nordikoa egiten du. Pozik da. «Duela bospasei urte, Paulo Coelhok Donejakue bidea eta ibilketa nordikoa aipatu zituen artikulu batean. Ibilketaren gaineko liburu bat irakurri nuen baina bakarrik ez nuen asmatzen. Bastoiekin ibiltzen nintzen, baina asfaltoan sartuz, literalki! Ikastaroaren berri izan nuen. Orain ez naiz inoiz bastoirik gabe ateratzen. Mendian, asfaltoan, harri gainean… kirol oinetakoak makilei lotuta doaz», kontatu du.
Bidean gurutzatutakoen begiradak eta adar jotzeak ere jasan ditu, baina ez du etsi. «Onura asko ditu. Gorputza indartu egiten du; nire besoak ez dira lehen zirenak… Gorputzaren goiko aldea lantzen duzu eta bizkarrerako oso ondo dator. Askoz hobeto sentitzen zara, deskantsatuago ariketa egin ondoren. Gorputz osoa lantzen duzu, baina beso eta sorbalden laguntzarekin. Nahi izanez gero, abiadura askoz handiagoan ere joan zaitezke, teknika hain egoki landu gabe. Intentsitatea zeuk erabakitzen duzu».
Lagun baten adibidea eman digu. «Donejakue bidea egin berri du eta esan dit bastoiengatik ez balitz ezinezkoa egingo zitzaiola amaitzea. Nik ere 30 kilometroko ibilaldia egin dut orain gutxi eta bastoirik gabe ez nintzen iritsiko. Nekea hobeto banatzen duzu eta oinek ez dute hainbeste sufritzen. Gorputz osoak lan egin duela nabaritzen duzu. Gainera, kaloria gehiago erretzen dituzu. Bizi osoan ibili izan naiz oinez eta badakit zenbat kaloria erretzen nituen lehen eta zenbat orain. Ikastaroa derrigorrezkoa da. Nik bizitza osoa daramat mendiko bastoiak erabiltzen, baina honek ez du horrekin zerikusirik», adierazi du.